Astigarrak edo azkarrak Acer generoko zuhaitzak dira, Sapindales-en ordenan; eurentzat bakarrik den Aceraceae familian, edo (Hippocastanaceae-ekin batera) Sapindaceae familian sailkatzen dira; ebidentzia genetikoaren arabera bigarren aukera egokiagoa dela badirudi ere. Astigarrek aurrez aurre jarritako hostoak dituzte, gehienetan gingildun eta palmatuak baina, espezie batzuetan, pinatu edo gingil bakoak ere. Loreak arruntak eta pentameroak dira eta mulko, korinbo edo unbeletan jaiotzen dira. Euren fruitu bereziak samara mota batekoak dira, eta biraka jausi eta haizearen eraginez haziak urrunera eramateko forma egokia dute. 'Acer' izena Latineko "acris"etik dator (zorrotz), aspaldian lantzak egiteko erabiltzen zen haien zuraren gogortasunagatik.
Acer generoko zuhaitz batzuk euskaraz ihar izenaz ere izendatzen dira; sarrera honetan agertzen den espezie zerrenda laburrean ikus daitekeen legez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario